XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Izan ere, orrialdeetan zehar eta era ezin argiagoan laugarren atalean zorrotza da J. Swift-ek zibilizazioari zuzentzen dion kritika.

Bada, XVIII. mendeko liburu baten aurrean bagaude ere eta idazle irlandarrak bere garaiko gizartea jarri bazuen ere bere kritiken jomugan, bai liburua, bai kritika gaurkotasunez beteta daude.

Honela, eta guri interesatzen zaigun atalera etorriz, irakurleari zerbait geratuko bazaio gogoan iltzaturik, zaldien herrialdearen eta gizakionaren artean dagoen aldea da.

Bi hitzetan, Gulliver-ek zoriontsu bizi ahal izateko moduko lurraldea aurkitu du, herri zintzo eta justua, non ez duen babesik behar iruzurkeria edo zapalkuntzaren aurka (294-295 or ) Ikus aipatu orrialdeetan zaldien lurraldean ez dagoen eta gertatzen ez den guztiaren beraz, Gulliver-enean badagoen eta gertatzen den guztiaren zerrenda amaigabea.

Gulliver-en gizarte edota munduan botere eta aberastasunen irrika, eta lizunkeria, neurrigabekeri, maltzurkeri eta bekaizkeria nagusi den artean (260. or.), halakorik ez dago zaldienean. Horregatik, hain zuzen ere, halakoetarako hitzik ere ez daukate beraien hizkuntzan: Boterea, gobernua, gerra, legea, zigorra eta beste milaka gauzek ez zuten hitzik hizkuntza hartan adierazi ahal izateko (260. or.).

Hauen artean, ostera, adiskidetasuna eta onginahia dira bi bertute nagusiak (286. or.) eta adimena lantzea eta guztiz beronen gobernupean egotea da haien goiburu nagusia (285. or.).

Zaldiei, honela, ulertezin bezain zentzugabe egiten zaie ustelkeriaren eta injustizia sozialaren gainean altxatzen den gizakion mundua: Ulertu ezinda zebilen ugazaba (...). Gure arteko jende gehiena behartua zegoela miserian bizitzera, soldata txikien truke egunero lan eginez, gutxi batzuk oparotasunean bizitzeko. Oso luzatu nintzen honetan eta antzerako beste xehetasun batzuetan, baina jaun ohoragarri hura ez zen halere asetzen, lurreko emaitzetan parte izateko eskubidea animalia guztiek dutela uste bait zuen (268. or.).

Halaber, Gulliver-en ugazaba eta lagun den zaldiak ezin du ulertu legearen helburua gizon guztiak babestea izanik (...), nola gerta zitekeen inoren hondamendi izatea (264-265. or.).